XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Angela Davis

Arima salbu-ta, eman lezake sagarroi ez ongi zerratua; sudurra, begiak, ahoa ziztroen artean dir-dir ageri, hain ditu biloak buruaren inguruan, harro eta lodi eta xorrotx egoki.

Angelas Davis anderea beltza da etorkizunez.

Bizkitartean larrua beltza bezain, gorriak dituzke gogoetak.

Komunixta da sinestez.

Beltza, gorria.

Bi horien gainerat emazu hirugarren bat.

Errazu dela argia ezen erakasle aipatua da Ameriketan, eta jakinen ditutzu kasik denak Angela Davis delakoaz.

Kasik denak.

Ez oro burutik buru.

Badauka Angela Davis-ek laugarren tilet bat, zoinek ezartzen baititu beste hirurak nahastekaturik.

Adixkide baten jabe zen Angela Davis.

Hunek Jonathan Jackson izena.

Adixkide laketa, bainan ere irriskua maite zuen adixkide kopetaduna.

1970-eko aboztuaren 7-an, Jonathan Jacksonek emaiten ditu harmak San Marin Kaliforniako auzitegian, bi lekuko beltzi.

Lehiatzen da jujearen eremaiterat, truk egiteko hirur beltz giltzapetu, juje xuriarekin.

Kisk eta kask, tirri eta tarra, garbituak dira, besteak beste, jujea eta haren eremailea.

Jonathan Jackson-ek bere anaia zukeen beste bi lagunekin giltzapetik jalgi nahi eta baliatu zituen harmak norenak ziren? Andere Davis-enak.

Jonathan Jacksoni Angela Davis-ek igorri gutunek ez dute duda mikorik uzten elgarren arteko amodio suharraren gainean.

Maritxu eta Barttolo bizi dira, Euskal-Herritik urrun ere, urtxo beltx, Ameriketako iturri hegietan.

Auzikatzaleak zion Jonathan Jackson zela lanaren egilea, hura zela ukaraia, Angela Davis aldiz zela lanaren asmatzailea, hura zela burua, eta Angelak ez zuela ez lana bidatu komunixt gisa, Amerikaren uspeltzeko, bainan bai Jonathan-en amodioz, haren bere saretarat biltzeko.

Gordetzen da Angela.

Bi ilabete gabe polizak hatxemaiten du New-Yorkeko kafiran.

Berrogoi da sei egun iraun du auziak.

Juri biltzarreko zuzendari guziak xuriak dira San Jose, Kaliforniako auzitegian.

Munduan londresetik, Mozkutik, Parisetik, Amerikaren etsaiek zioten, habla-habla, Maritxu urtxo beltx gaixoa, hamabi zuzendari xuriek, hogoi ta lau aztapar basa batean loturik, xintxikatuko zutela.

Haroa bipiek jan dute.

Burrunba gorago, eta burrunbatuak huts egiten badu, ixiltasuna barnago, bihotzetan!

1972-ko ekainaren 4-an, mundua ez zela guti itzulipurdikatua izan! Hamabi zuzendarien gainean hamarrek Angela Davis beltza xuri jalgi dute.

Bigek dute bozik ez eman, beren ustez asko xehetasunen eskasian.

Beltza, dena zain.

Emaztekia bietan.

Angela Davis-ek jauzi egin diote jujeri matelarat, eta sakatu bakotxari pott bat gaitza.

(Ongi zaukaten auzitegira etorri beharrek, bizarra egina goiz hartan).

Izan da punpe, kantu, esku-zarta eta musu! Gauak ez du besta ito.

Angela Davis-ek hirur ehun adixkide komitatu ditu ostaturat, heien artean hamabi jujetarik bederatzi.

Euskaldunak ez gira odol egarri.

Euskaldunek min dugu, bazterrak baitira dena hisia, dena aiherkunde.

Euskaldunek nahi ginuke, guretzat bezala, bestentzat ere kexua zafla dezan zuzentasunak.

Gora Kaliforniako juje hedadura haundikoak!

Badu bere oihesean zerbait onik Angela Davis andereak: osoki atxikia da bere anaia beltzen azkatasunari eta goresmenari.

SO EGILEA.